Bizkaiko lurretan Marijesiak, Abenduak, Kebonikuak…
Gernikan tradizino handikoa da Marijesiena. Bizkaiko beste leku batzuetan be badira halako ohiturak, baina bederatziurren osokoak Gernikan, Ean eta Gautegiz Arteagan baino ez dabe iraun. Beste leku batzuetan egun batekoa egiten da, eta batzuetan beste kantu batzuekaz batera (Abendu poza, Olentzero, Hator hator…) erdi nahastean. Ohitura hau antza danez, lehenago zabalagoa zan baina gaur egun inguru estuago batean betetan da: Busturia, Mendata, Ibarrangelu, Muxika-Ariatza, Ibarruri, Gorozika, Lekeitio, Iurreta, Abadiño-Mendiola,…, eta beste batzuetan akorduan dago asko ez dala kantetan zala (Ajangiz, Arratzu, Forua, Ereño, Nabarniz, Errigoiti, Munitibar, Aulesti, Markina…), eta besteetan segurutik be egingo zala baina ahaztu be bai. Tradizinoari izena emoterakoan holakoak hartzen dauz ohitura honek: Marijesiak, Marijosiak, Abendu neska-mutilak, Kebonikuak, Abendu Santua, Abenduak, …
Koplen berbetan bateratasun gehiago badago (akaso Gaubekaren edizinoaren eraginez), eta desbardintasunik handiena musika arloan ikusi leiteke. Nonbaiten melodia antxinean zabaldu zan eta euren herrietan Gabonaurrean bakarrik kantetakoa zanez, melodia erdi isolaturik edo bakandurik geratu zan. Horren ondoan urteak joan urteak etorri jite edo era propioa hartu eban: halan lekuan lekuko bilakaera sortu be egin zan, urteetara benetako aldaera bihurtu zana. Baina guztiak batez be oinarri harmonikoetan jatorri batekoak dirala esan leiteke.